Garaipena hiru jubenilentzat pasa den larunbatean jokatutako neurketetan. Ohorezko Mailak Añorga K.K.E. gainditu zuen Berion, Nazionalak beste hainbeste egin zuen Ariznabarraren aurka eta Euskal Jubenilak Loyola Indautxu menperatu zuen Bilbon jokatu zen partidan.
Ohorezko Jubenila 3-0 Añorga K.K.E.
Mendiarenek beste garaipen bat erdietsi zuten Ohorezko Erregionalean lehiatzen duen Añorga K.K.E-ren aurka. Hasiera zaila izan arren, pixkanaka partidaren aginte makila hartu zuten urdinek, eta aukerak sortzeko gai izan ziren hiru bider arerioaren atea zulatu ahal izateko. Golak Otalorak, Enaitzek eta Nabilek egin zituzten.
Nazional Jubenila 5-0 C.D. Ariznabarra
Kalitatezko beste 90 metatu zituzten urdinek Ariznabarraren aurka. Talde gasteiztarrak lan taktiko bikaina egin arren, Marcen bi golek maldan behera jarri zuten neurketa. Bigarren zatian, gainera, talde urdina beste hiru gol sartzeko gai izan zen, Anassen bi eta Barnetoren batekin, hain zuzen ere.
Loyola Indautxu 0-1 Euskal Jubenila
Gariren mutilek asteko bigarren neurketa jokatu zuten larunbat goizean Bilbon. Partidak fase desberdinak izan zituen, eta urdinek, bere nagusitasun faseetako batean, Nicoren gol baten bitartez markagailua 0-1ekoarekin itxi ahal izan zuen. Ondoren, defentsan egindako lan paregabeari esker, atea hutsean mantendu zuten.