Emaitzei dagokienez, ez da astebururik onena izan gure taldeentzat, baina denboraldiaurreko etapa honetan, non xehetasunak findu eta kontzeptuak finkatu nahi diren, beste alderdi batzuek garrantzi handiagoa hartzen dute. Une honetan garrantzitsuena hazkundearekin eta prestaketarekin jarraitzea da, lehiaketa ofizialaren hasierari begira.


Gazteen Ohorezko Maila:

Larunbat goizean partida oso parekatua jokatu zuten gure taldeak eta Real Unionek. Lehen zatian, talde urdinak bere aukeretako bat aprobetxatu zuen markagailuan aurrea hartzeko, Miguelen golari esker. Hala ere, bigarren zatian, partida berdinduta mantendu zen azken minutuetara arte, Irungo taldearen bi astinduk markagailuari buelta eman ziotenean. Partida honekin amaitutzat ematen da gure lehen taldearen denboraldiaurrea. Aste honetan Valvaneraren aurkako estreinako liga lehia prestatuko du, datorren larunbatean jokatuko dena, Berion.


Nazional Jubenila:

Gazpioren taldeak denboraldiaurreko azkenetako partida jokatu zuen maila handiko aurkari baten aurka. Bisitari nafarrek indartsu ekin zioten partidari, 0-2koa lortuz markagailuan, baina gure taldea, ikaratu beharrean, zelaian finkatzen joan zen eta partida berdintzea lortu zuen atsedenaldira iritsi aurretik Barneto eta Amburen golekin. Bigarren zatia oso lehiatua izan zen, baina norgehiagokako azken jokaldian, talde bisitariaren alde adierazitako penalti bati esker garaipena eskuratu zuten nafarrek (2-3).


Euskal Jubenila:

Larunbat eguerdian Añorga KKEren aurkako lagunarte batean neurtu zituzten indarrak gure mutilek. Lehen denboran, gureek jokoaren agintea eraman zuten, kontrako zelaian jokatzea bilatuz eta hainbat alditan arriskua sortuz. 8. minutuan hamaika metroetatik aurrea hartzea lortu zuten, baina berdintasuna nagusi izan zen lehen zatian, eta taldeak sendo jokatu zuen. Bigarren zatian, zementu-taldea entxufatuago atera zen, eta markagailuari buelta eman zion 15. minutua baino lehen. Ahalegin handia egin arren, bero handia egin zuen, eta berdinketa lortzeko aukera batzuk izan bagenituen ere, azken emaitza ez zen gure aldekoa izan. Bi taldeek ondorio baliotsuak atera zituzten denboraldiaren hasierari begira fintzen jarraitzeko.


A kadetea:

Igandean, A Kadeteak Leioa Cupen parte hartu zuen, eta sentsazio positiboak utzi zituen, emaitzak gorabehera. Multzoen fasean, ondo hasi ziren, Kostkasen aurka 3-0 garaipen argia lortuz, baina Gernikaren eta Cultural Durangoren aurkako neurketetan ezin izan zuten hutseko berdinketa gainditu. Finalerdietan, Danok Baten aurka galdu zuten (1-0), partida oso lehiatuan, eta hainbat aukera galdu zituzten berdindu ahal izateko. Txapelketa honek hobetzen jarraitzeko ikasgai baliotsuak utzi zituen.


B kadetea:

Beroa izan zen nagusi Unben larunbat goizean Kadete B-ko partidan. Golez beteriko partida batean, talde urdina ez zen fin ibili defentsan, eta guztira bederatzi gol jaso zituen. Erasoan, ordea, emankorrak izan ziren, bost tanto eginez eta azken markagailua 9-5 utziz. Emaitza gorabehera, defentsa-partzelaren doikuntzan lan egiten jarraitzeko balio izan zuen partida.