Pasa den larunbatean, hilaren 8an hain zuzen ere, Berioko kirol instalakuntzetan DOSS Infantil mailako txapelketaren lehen edizioa ospatu genuen. Txapelketa berri hau Antiguoko Kirol Elkarteak antolatu zuen eta bertan maila handiko taldeak zeuden gonbidatuta; etxeko taldeaz gain Bansander Club, SD Gernika, SD Oyonesa, Athletic Araba Eskola eta BFC Promesas izan ziren egun bikain honetako protagonistak.


Goizeko saioan multzokako fasean aritu ziren taldeak eta 35 minutuko zati batean jokatu ziren norgehiagoka guztiak. Gainera shoot out modalitatean ebatzi ziren aurrez berdinketan amaitzen ziren partidak. Bi taldeetako jokalariek 10 segundu zituzten ia zelai erditik baloiarekin atereaz gola egiteko eta egia esatearren erakargarria bezain zirraragarria izan zen bertara hurbildutako zaletu eta noski, baita jokalarientzat ere.


6 taldeek Antiguoko Kirol Elkarteak auzoan duen elkartean indarrak hartu ostean – eskertza handia bertan lanean egon ziren kideei – arratsaldeko saioari ekin zioten. Lehenik eta behin finalerdiak jokatu ziren eta hauek erabakita geratu ondoren, 5. eta 6. postua jokoan zuen partidarekin hasi ziren azken norgehiagokak.


Partida honetan SD Oyonesa eta BFC Promesas izan ziren aurrez aurre eta lehenengoek lortu zuten garaipena eta beraz, bosgarren postua beraientzat izan zen, Burgosekoak seigarrenarekin konformatu behar izan zuten bitartean. 3. eta 4. posturako Bansander Club eta Athletic Araba Eskola lehiatu ziren, kantabriarrek garaipen nahiko garbia lortuaz eta beraz txapelketa merituzko hirugarren postuan amaituaz. Arabatarrentzat izan zen laugarrenaren saria.


Eta noski, partida hauen ostean final handia jokatzeko unea iritsi zen. Aurrez aurre etxeko taldea, hots, Antiguoko K.E. eta SD Gernika bizkaitarra. Azken hauek partida bikaina egin zuten finalerdietan eta beraz merezimendu osoz lortu zuten finalerako txartela. Finalean talde urdina nagusitu zen eta beraz Infantil mailako DOSS Txapelketaren I.Edizioaren garailea Uritz Ansoaldek zuzendatako taldea izan zen.


Txapelketari eta egunari amaiera ohiko sari banaketak eman zion eta bertan Edorta Salegik, Antiguoko K.E. lehendakariak, garaikur bana eman zien parte hartu zuten talde guztiei. Era berean, Ignacio Viñolas etxeko jokalariak eskuratu zuen jokalari nabarmenaren saria.


Amaierako sailkapena honakoa izan zen beraz:

  • ANTIGUOKO K.E.
  • SD GERNIKA
  • BANSANDER CLUB
  • ATHLETIC ARABA ESKOLA
  • SD OYONESA
  • BFC PROMESAS

Jokalari nabarmenaren saria: Ignacio Viñolas.

 

Mila esker guztioi, egun bikaina izan zen eta!