Donosti egunaren bezperan, Christian Del Rio Antiguoko K.E. Danborradako danbor nagusiarekin eta Agurtzane Mercader urketari nagusiarekin hitz egin genuen. Bi liderrek gogotsu eta erantzukizunez egiten diote aurre Antiguako danborradarik enblematikoenetako batean duten zereginari.
Beste urte bat zuekin. Zer moduz entseguak?
Christian: Egia esan, gogo handiz hartu ditugu gabonen ondoren, eta oso pozik nago horrela etorri izanarekin eta bikain jotzen aritzearenin.
Agurtzane: Egia. Aurten entseguetako datekin asmatu dugu, ez direlako futbol partiduekin bat etorri, eta hori nabaritu egiten da. Gainera, etorri aurretik tutorialak ikusi dituen jende berri asko sartu da, eta horrek asko laguntzen du entseguak emankorragoak izan daitezen.
Christian, zer da zuretzat hirugarren urtez jarraian Danbor Nagusia izatea?
Christian: Niretzat ohore bat da konpainiak nigan konfiantza jartzea Antiguako eta Donostiako danborradarik onenetako bat zuzentzeko. Erantzukizun handia da, baina gustura hartzen dut nire gain, abesti bakoitzari nire estiloa ematen saiatuz. Hori bai, Iñigo Santinen herentzia eskertu behar dut, lan bikaina utzi baitzuen eta entsegu bakoitzean nabaritzen jarraitzen baitugu.
Agurtzane, eta zuretzat urketarien buru izatea?
Agurtzane: Nire kasuan, nahiko modu naturalean hartu nuen Deiene Bravoren lekukoa, biok elkarrekin lan egiten baikenuen Danborradaren Batzordean eta zeregin berberak genituen. Nire lana urketariak gidatzea, zaintzea eta ibilaldian zehar ezustekorik ez izatea da. Gainera, asko gozatzen dut rol honekin, batez ere osatu dugun zuzendaritza-taldeagatik.
Edizio honetan aipatzeko zerbait? Pozik al zaudete parte-hartzaileen kopuruarekin?
Christian: Zalantzarik gabe, urte berezia da. Danborren eta upelen ilaretan emakumeak sartu ditugu, lehendik genituen urketariez gain, eta hori mugarri bat da. Bandera ere estreinatu genuen eta “Hau dek hau” abestia gehitu diogu errepertorioari. Gainera, aurreko urteetako parte-hartzaileen kopurua berreskuratu dugu, eta horrek maila gorenean mantentzen gaitu. Aurten, ikusten duzunez, sorpresaz beteta dago.
Agurtzane: Christianek dioen bezala, une historikoa da danbor eta upel konpainietan emakumeek parte hartzea. Aspalditik ari ginen hori lantzen, eta azkenean errealitatea da. Gainera, aurten bandera eta estandartea berritu ditugu, eta beharrezkoa zen, aurrekoak 1992koak baitziren, hasi ginenekoak, hain zuzen ere.
Nola dago diseinatuta danborrada? Nolakoa izango da ibilbidea?
Christian: Bihar, ostirala, goizeko 10etan hasiko gara Berioko Aspace zentroan, Santo Tomas Lizeoako haurrekin eta beste danborrada batzuekin batera. Oso jarduera berezia da. Gero, astelehenean, hilak 20, 17:15ean hasiko gara San Sebastian Martiriaren elizan eta Matia kalean barrena ibiliko gara, Gaskonia plazan eta Txalupagilenen geldialdiak eginez, Ur Tantta eta Bentaberriko Lagunak danborradekin batera. 18:15ak aldera oholtzan jo eta Aspaldiko tabernaraino jarraituko dugu, eta Errotatxo plazan amaituko da 21:15ean beste geldialdi batzuk egin ondoren.
Agurtzane: Puntu guztiek dute zerbait berezia, baina klubeko amaiera nabarmenduko nuke, 21:15 inguruan. Une horretan erlaxatzen gara eta azken ahaleginaz gozatzen dugu. Itxiera horren energia eta emozioa kutsatzen zaizkio publikoari, eta beti da esperientzia handia.
Urtarrilaren 20rako desioa.
Christian: Urte guztietakoa, hots, eguraldia lagun izatea eta lagunekin eta familiarekin urteko egunik onenaz gozatzea.
Agurtzane: Dena ondo atera dadila, gorabeherarik gabe, eta Donostiako egunik handiena bete-betean bizi dezagun.