TOURING KE 1 – 0 ANTIGUOKO KE (ERREGIONALEN OHOREZKO MAILA)

Ezin izan zuen geure lehenengo taldeak punturik batu Fanderiaria eginiko bisitan. Egia esatearren pena izan zen, izan ere gol bakar bategatik galdu zen eta sailkapenean gora egiteko aukera on bat galdu genuen. Garesti ordaindu genuen gol falta talde gaileteroaren aurka jokatutako neurketan eta eskuhutsik bueltatu ginen etxera, elkarren segidako bigarren garaipena lortu ezinik. Ordea, aurrera begiratu beharrean gaude eta konfiantza osoz ekin dio taldeak aste barruko lanari. Hurrengoan puntuak baietz, seguru.


ANTIGUOKO KE 6 – 0 ANTIGUA LUBERRI KE (GORENGOEN MAILA)

Ondo egin zion aurre bigarren taldeak igandeko derbi bereziko partidari. Markagailuak esaten duena baina partida gehiago egon zela ziurtatu dezakegu, izan ere oso azkar iritsi zen geure lehen gola. Hortik aurrera partida lehiatua izan zen hein batean eta partida landuta berau bideratuko zituen golak iristen hasi ziren, nahiz eta Luberriko jokalariek lan defentsibo saiatua egin zuten, geure jokalariek baloia ongi mugitzen zuten eta horrela iritsi ziren golak, bata bestearen atzetik. Goraipatu behar dugu Luberriko kideek ez ziotela aurpegia galdu partidari inongo momentutan eta beraz, lehia egon zela bertan. Goleatzaileak Yarza (X4), Eski eta Udane izan ziren. Lidertzan jarraitzen dugu beraz.


AÑORGA KKE  2 – 3 ANTIGUOKO KE (OHOREZKO KADETEA, TXAPELKETA FASEA)

Partida paregabea bizitu genuen Añorgako Rezola futbol zelai mitikoan. Bi taldeak oso distantzia laburrean zetozen sailkapenean eta egiari zor ez ziguten hutsik, maila oso altuko futbola ikusteko parada izan baizuten bertara gerturatu ziren zaletu eta lagunek. 21. minutuan aurreratu ginen Leirek sartutako penalti baten ondorioz eta emaitza horrekin iritsi ginen atsedenaldira. Bigarren zatiko lehen momentuak ere geure taldearenak izan ziren, Uxuek 0-2 koa ezarri zuen 68. Minuturako eta bazirudien norgehiagoka bideratuta zegoela. Ordea, Rezola bezalako zelai batean asko esatea izan ohi da hori eta oraingoan ere horrela izan zen. Talde zementeroak bost minututan neurketa berdintzea lortu zuen eta 2-2 koa ipini zuen markagailuan partida amaitzeko oso gutxi falta zela. Ordea, beste behin ere lehiakortasun handia dugula erakutsiaz taldea kikiltzetik urruti egon zen eta gainera 2-3koa lortu zuen denbora luzapenean. Sekulako poza Rezolako harmailetan, ikaragarria benetan neskak lortutakoa. Aurrera jarrai dezagun.


ANTIGUOKO KE 1 – 3 AÑORGA KKE (OHOREZKO INFANTILA, TXAPELKETA FASEA)

La Sallen izan zen oraingo honetan larunbata goizean bi kluben arteko jardunaldiko bigarren partida eta oraingoan, kadeteekin ez bezala, ezin izan zen garaipena eskuratu. Berehala aurreratu ginen markagailuan izan ere Uxuek 4. minuturako añorgatarren atea zulatu zuen. Ordea ez zuen pozak asko iraun eta zementerek 8. minuturako neurketa berdintzea lortu zuten. Hortik aurrera eta espero bezala partida oso parekatua izan zen baina geure zoritxarrerako golak geure atean izan ziren eta añorgatarrak lortu zuten garaipena 1-3ko emaitzarekin. Besterik gabe aurkaria zoriondu eta lanean jarraitu behar dugu, orain arte bezala, gogotsu eta ilusioz.