Endika Moralesen taldea Mariño – Real Unionen aurka lortutako azken garaipenarekin iritsi zen Azpeitiko Garmendipe belar artifizialeko futbol-zelaira, larunbatean 17: 45ean jokatu zen Erregionaletako Ohorezko Mailako zazpigarren jardunaldiko partidan.

Aurkari oso zaila genuen aurrean, eta partida hala planteatu zigun, nabarmen defendatuz eta modu arriskutsuan gure aterantz azkar joan eta iritsi nahian. Lehen zatia ondo egon zen, nahikoa osoa izan zen geure aldetik eta, egia esan, taldeak ondo identifikatu zituen kontrako zelaian ustiatu behar genituen abantailak. Sarak sartutako gola lortu genuen gainera, atsedenaldira abantailarekin joateko. Aldea handitu ere handitzeko ere abaguneren bat edo beste izan genituen, pare bat gol aukera interesgarriren ondorioz. Helburua bete genuen, merezita genuen abantailarakin etxoletara joatea, alegia.


Bigarren zatian ez ginen gaizki sartu berdegunera, baina egia da ez ginela izan lehenengoan izan ginen bezain eraginkorrak eta zehatzak. Etxeko taldeak gehiago arriskatu behar izan zuen eta buru-belarri aritu behar izan genuen markagailuan errenta defendatzeko. Aukera on bat edo beste izan zuten azpeitiarrek, horietako bat edo bestea gauzatzea ere agian merezi izan zuten, eta 50. minututik aurrera beldurra sartu ziguten gorputzean. Uholdeari eutsi ondoren, lasaitasuna iritsi zen azken minutuetan, eta nahiko modu kontrolatuan eusti genituen puntuak.


Elkarrekin sufritu genuen, eta garaipena ere elkarrekin lortu genuen, talde bat gara eta.


Hiru puntu on Azpeitian.