Antiguoko K.E.-ko lehen taldeak hiru puntuak eskuratu zituen 1 – 3ko emaitzarekin DUX Logroño talde errioxarrari irabazita. Horrela, bada, Iñigo Mendiaren taldeak hiru puntu benetan baliotsu lortu ditu, sailkapenean hirugarren jarri dute eta 13 puntu poltsikoan ditugu jada.
Athletic Club-aren aurkako porrotaren ondoren, taldea Errioxako lurretara joan zen berriro hiruna batzeko helburuarekin eta horrela izan zen. Lehen momentuetan, geureak baloiak lapurtzen saiatu ziren eta zelai erdian egindako lapurreta batean eta Aritzen jokaldi on baten ondoren, Unsainek 0-1ekoa ezarri zuen partidako hamargarren minuturako. Planak aurrera egin zuen, eta gu eroso geunden Pradoviejoko futbol zelaian. Egia da lehen denboraren azken uneetan lortutako errenta defendatzen aritu ginela, baina ez genuen larritasun handirik izan geure helburua lortzeko.
Aldageletatik itzuli ondoren, gauzak zuzendu eta grinak estutzen saiatu ondoren, ondo etorri zitzaizkigun aldaketak sartu genituen, eta freskotasuna eta energia ekarri zituzten Logroñon arratsalde eguzkitsu eta bero batean. Aritzek bigarrena sartu zuen geure alderako eta hortik aurrera abantaila handitzen saiatu ginen, baina egoera hori ez genuen gauzatu. Errioxarrek zelai erditik botatako falta jaurtiketa batean ez genuen baloia urruntzea asmatu eta horrela errioxarrek aprobetxatu egin zuten tartea murrizteko eta beldurra gureei gorputzean sartzeko. Nortasun handiko taldea da geurea, ez zen kikildu eta motzean atera genuen korner on baten irteeran Toledotxikik azken 1-3koa sartu zuen.
Hurrengo geltokia, larunbatean 17: 30ean vs Santutxu F.C. Berion.