BERIOK GOTORLEKU IZATEN JARRAITZEN DU

Joan den larunbatean Berion jokatu zen azaroko azken partida Getxoko Arenas aurkari izanda, non urdinek ez zuten aukerarik txikiena ere galtzen utzi nahi puntu premia zuen aurkari baten aurka.


Norgehiagoka Iñigo Mendiak zuzentzen duen taldearen nagusitasunarekin hasi zen eta lehen minutuetatik lehen aukerak iristen hasi ziren. Bizkaitarrek etxeko taldearen erasoei aurre egin nahi zieten, baina ia ez zuten arriskurik sortzen.


Lehen jokaldi horietako batean Jakesek arratsaldeko lehen gola sartu zuen eta urdinak aurreratu zituen partidaren lehen ordu laurdena bete baino lehen. Taldea ez zen konformatu eta erasoan jarraitu zuen, hamar minutu geroago jokalari berak arratsaldeko eta bere kontu partikularreko bigarren gola sartu zuelarik.


Markagailua alde zuela Antiguokok bisitarien erasoko jokaldiak gelditu zituen eta abaguneak bilatzen saiatu ziren markagailuko aldea handitzeko. Hainbat aukera izan arren atsedenaldira 2-0 argi, baina ez behin betiko markagailuarekin iritsi ginen.


Bigarren zatian eta Nabil sartzearekin batera, taldeak aurkariaren ate aurrean jokaldi sakonak bilatzen saiatu zen. Aukerak behin eta berriz ematen ziren, baina erasoko jokalariek asmatu ez izanak edota langak inoiz markagailua handitzea eragozten zuen.


Baina, 75. minutuan, Nabil berak atezainari baloia loratu eta aldea handitu zuen. Markagailuan 3-0ekoarekin bisitariek ez zuten suspertze zantzurik ematen eta gainera urdinak lanean jarraitu zuten Mikelek defendatutako atean edozein gol aukera saihesteko asmoz.


Partida garaipen garrantzitsu batekin amaitu zen Antiguokorentzat, Errege Koparako sailkatzeko aukerak handituz. Emaitzaz gain, Asier Unsain erasoko jokalariaren debuta gertatu zen, hegaletako batean jokatuz eta ondoren erasoko puntan partida amaituz.


Lehen itzuliaren azken txanpan eta Gabonetako etenaldiaren aurretik, Antiguokok egutegi zail samarra du: 2 irteera eta partida bat etxean. Datorren asteburuan Lezamara joango da, eta bertan Athletic Club izango dugu zain. Partida hori garrantzitsua izango da taularen goialdean. Kopako plazak zehazteko balioko du, eta Iñigoren taldeak ia jokalari guztiak izango ditu partida gogorrari aurre egiteko. 


FITXA TEKNIKOA:

 

Antiguoko Kirol Elkartea: Eizaguirre, Martin, Garrido, Pinillos, Iraola, Ochoa (Nieto 63′), Seara (Unsain 70′), Gorosabel (Goicoechea 83′), Amezgaray, Telleria (Abouallal 46′), Arrikarte


Arenas Club: Gonzalez, Ugalde (Elortegi 56′), Cuartango (Pinedo 65′), Gomez, Garai (Olabarri 56′), Pradera, Larrea, Layo (Mendibelzua 82′), Dominguez, Tomas (Mendikote 56′), Ariztimuño


Epaileak: Rezola Etxeberria, Ibai (Epailea), Lopez Ezcurra, Ander (Marrazainak)


Golak:


1-0 (13′) – Jakes Gorosabel

2-0 (22′) – Jakes Gorosabel

3-0 (76′) – Nabil Abouallal