Gustu eta kolore guztietarako asteburua, modu arretatsu eta grinatsuan bizi ahal izan duguna. Ez dugu porrota ezagutu eta azpimarratzekoak dira Infantil Handi eta Infantil Txiki taldeen liga estreinaldiak.
B JUBENILA 1 – 1 S.D. LEIOA B
Ligako hirugarren jardunaldia Unai Gazpioren taldearentzat eta hirugarren berdinketa jarraian bi taldeentzat aukerak egon ziren partida parekatu batean. Gure taldearen lehen zatia ona eta osoa izan zen, bizkaitarrak oso altu estutuz eta aurkariaren ateari min egitea lortuz. Lan on horren ondorioz, markagailuan aurreratu ginen Diegoren bitartez, hamaika metroetatik berari egin zion penaltia golean bilakatuz. Bigarren zatian bisitariek hobera egin zuten, martxa bat gehiago sartu zuten eta 69. minutuan gol bat jaso genuen defentsako lanetan asko eskatzen ari ziren momentu ez erraz batean. Hortik aurrera, partida irekia izan zen eta, azkenean, berdinketarekin amaitu zen norgehiagoka. Hurrengo geltokia, Lezama.
LAKUA-ARRIAGA C.D. 0 – 2 C JUBENILA
Gure hirugarren egitura Gasteizen eskuratutako garaipen batekin itzuli zen, baina ez zen erraza izan, ondo jokatu zen partida batean. Aurkaria gure zain zegoen eta menderatu nahi izan genuen lehen zatian, hau guztiz ona izan ez zelarik, etxekoen abaguneren bat ekarri zuten akatsak egin baikenituen. Ibon izan zen 0-1ekoa jarri zuena Danel eta Denisek aurretik gola egiteko aukera izan ostean. Atsedenera abantaila txiki batekin joan ginen beraz. Bigarren denbora askoz hobea izan zen eta geure taldea nagusi izan zen guztiz eta partida modu eraginkorrean kontrolatu genuen. Talde jokaldi on baten ondoren Otalorak ondo bukatu zuen jokaldia etxera hiru puntuekin etorri ginelarik. Geureen denboraldi hasiera bikaina benetan.
A KADETEA 2 – 1 C.D. GETXO
Partida gogorra eta zaila izan zen Iker Mendiluzeren taldeak ondo konpondu zuena Getxo C.D.ren aurka jokatutako neurketaren azken unean. Partida erritmo altuarekin hasi zen eta etxeko taldeak honen gidaritza eraman nahi izan zuen. Talde bisitaria bere aukeraren zain zegoen eta azkar gerturatu nahi zuen geure atera. Etxeko taldeak, aurrea hartu zuen jokaldi nahasi batean, eta azkenean sare barrura sartu zuen baloia Beñat Aramburuk, 26. minutuan. Geure taldeak saiatzen jarraitu zuen atzeko alboko jokalariak haien lerrora gehituz aldageletara joan aurretik aukera handirik izan gabe eta markagailuak ematen zuen abantaila txiki horrekin. Partida bigarren zatian ireki zen sistema aldaketekin bi aldeetan eta talde bisitaria ausart aritu zen, Urkoren atera hurbilketa benetan serioak egin eta horietako batean gola sartuaz norgehiagoka berdintzeko. Azken 15 minutuetan partida eramateko aukerak izan zituzten biek ala biek eta kasu honetan Beñatek egindako burukada eder eta bikain batek garaipena eman zion talde urdinari. Urrezko hiru puntu eta hobetzen jarraitzea dagokigu.
B KADETEA +5 – 0 ASTIGARRAGAKO MUNDARRO F.K.E.
Ligako hirugarren jardunaldia jokatu genuen Berion, ligako lehen partida etxean, bigarrenean atseden jardunaldiaren ondoren. Astigarragako Mundarro F.K.E.ren aurkako partida hau, beraz, estreinaldiaren ondorengo bigarrena zen guretzat, Matigoxotegin puntu bat urratu eta gero jokatu genuena. Taldea partida hasieratik oso indartsu zelairatu zen, joko arina eta oso dinamikoa eginez eta, aldi berean, oldarkorrak, aukerak sortuz eta golean gauzatuz. Laster bideratu genuen partida emaitzari dagokionez, baina hortik aurrera aste hauetan landutako helburuak bete behar direla azpimarratu eta hauek garatzen saiatu ginen. Taldeko lana bikaina izan zen, jokalari guzti-guztiek beren aletxoa jarri zuten partida eta emaitza ona izan zedin. Garaipenak konfiantza irabazteko, sentsazioak hartzeko eta datorren asteko Hernani C.D. taldearen aurkako partidarako prestatzeko balio izan digu, taldearentzat partida gogorra eta benetan zaila izango baita.
ARRUPE-CHAMINADE C.D.D.F 0 – 0 A INFANTILA
Lehenengo partida Txakarren mutilentzat larunbat arratsaldean Felix Garin zelai berrituan Infantil Handi maila irekitzeko. Etxeko taldeak partida benetan zaila jarri zigun, non jokaldi lehiatuak bere alde jartzen ziren, gure jokalarien aldean maila fisikoan zegoen egiturazko ezberdintasunagatik. Jokalariek aurpegia ematen jakin zuten, eta lehia-espiritu interesgarria erakutsi zuten. Geureek defentsako lan ona egin zuten, zelai erdian lan handia eta egokia egin zuten, eta azken metroetan argitasuna eta erabakitasuna falta izan zitzaizkigun golera hurbiltzeko. Hurrengo astean gehiago eta hobeto.
B INFANTILA +5 – 0 C.D. TRINTXERPE
Igande goizean jokatutako neurketa izan zen honakoa, aurtengo Infantil Txikiak jokatu zen lehenengoa hain zuzen ere. Partidari ongi sartu zen taldea eta nahiko azkar bideratu zuen norgehiagoka egiari zor. Modalitate berria estreinatu dute geure txikiek eta badirudi dagoeneko behar honek ekartzen dituen ideietara egokitzen ari direla erraztasun puntu batekin eta horiek benetan albiste onak dira klubarentzat. Asteburuetako partidek pixkanaka lantzen goazena isladatzea da erronka eta taldeak buru belarri hortan dihardu. Ikasteak ez dezala inoiz amaierarik izan beraz.