Nabil (2006) antiguotarra harro dago klubeko kide izateaz, eta hala jakinarazten digu hurrengo elkarrizketan. Futbol 11 modalitateko kategoria guztietatik igaro da Antiguokorekin izan duen ibilbidean, gaur egun lehiatzen duen Nazional Jubenilaera iritsi arte.


-Aupa Nabil, zer moduz zaude pertsonalki?

Egia esan, ondo nago. Minutu asko izan ditut, aprobetxatzen saiatu naizenak. Bestalde, denboraldi hau gogoz, ikasteko eta nire bertsiorik onena emateko asmoz hartu dut.


-Nola ikusten duzu taldea9

Taldea ongi ikusten dut. Jendea gazte eta alaia da, gauzak ondo egiteko gogoa duena eta oso gogor entrenatzen ari dena. Oso talde elkartua gara gainera, eta aldagelako giro onean ikus daiteke hori. Denok ontzi berean eta norabide berean egiten dugu arraun.


-Zein balorazio egiten duzu sailkapenaz eta orain arte lortutako emaitzez?

Orain arte lortutako emaitzei dagokienez, ez gaude oso pozik, gorago egon gaitezkeela uste baitugu eta pertsonalki ere hala uste baitut. Hala ere, kontuan izan behar da iaz gozatu ahal izan nuen eran, kategoria zorrotza dela eta honek buelta asko-asko ematen dituela. Atera ditugun puntuak estimatzen jakin behar dugu, nahiz eta denboraldian zehar egindako merituei erreparatuz gehiago merezi genituela uste dugun.


-Liga Nazionalean partida mordoxka bat daramatzan jokalari gisa, nola definituko zenuke kategoria?

Lehen esan dizuedan bezala, oso kategoria zorrotza eta lehiakorra da, azken urteko jokalari askorekin. Talde oso onak daude eta dena zinez berdinduta egoten da. Oso konstantea izan behar duzu eta inoiz ezin partida errexatzat eman.


– Zenbat urte daramatzazu Antiguokon? Nola joan zaizu horietako bakoitzean?

Seigarren urtea (jarraian) dut klubean. Infantil Txikin iritsi eta kategoria guztietatik igaro naiz ordutik. Nahikoa kostatu zitzaidan hasierara egokitzea, talde berria baitzen eta, gainera, klubeko ibilbidea futbol 11ko lehen partida jokatu nuen aldi berean hasi bainuen.  Klubeko lehen urteetan ez nuen minutu askorik izan, baina saiatu egin nintzen horietako bakoitza aprobetxatzen eta lanean jarraitzen, futbolak buelta asko ematen dituela eta etorkizunean lan guztiak sarituko direla jakinda. Kadeteko Euskal Liga, Pablorekin, inflexio puntua izan zen niretzat, zenbaki onak lortu bainituen arlo pertsonalean eta gauza asko ikasi nituen. Harrezkero, dinamika aldatu egin da, eta minutu gehiago jaso ditut. Iaz Nazional mailan jokatu nuen lehen urtekoa nintzela eta esperientzia ona izan nuen. Asko balio izan zidan kategoria lehiakor bati buruz ikasteko, eta batez ere fisikoki eskatzen lagundu zidan, 1-2 urte ateratzen zizkidan jende askoren aurka jokatzen bainuen. Aurten, maila berean nagoela, aldaketa handia sumatzen dut, dagoen erritmora ohituago nagoelako, eta fisikoki exijentzia txikiagoa da bigarren urtekoa izateagatik.


-Zein espektatiba dituzu epe laburrera arlo pertsonalean zein kolektiboan?

Epe laburrera, ezin hobea litzateke elkarren segidako garaipen kopuru bat lortzea, gure bertsiorik onena emateko behar dugun bultzada hori emango liguketenak. Partida oso onak kateatu ditugu jokoari dagokionez, baina emaitzekin ez dugu inongo zorterik izan. Nire itxaropenak, epe laburrean, lanean ondo jarraitzea, garaipen batzuk jarraian kateatzea eta taldearekin batera gozatzen jarraitzea dira.