Kadete mailako lehen urteko taldea ere abuztuaren 7an hasiko da Berion, 23/24 denboraldi honetako prestaketarekin hasteko. Bertan, gure jokalariak adinez aldatu eta Ohorezko Ligako lurralde maila gorenean lehiatuko dira, goragoko belaunaldi bateko talde batzuekin batera. Hori erronka handia izango da zalantzarik gabe gure mutilentzat eta bada, astelehen honetatik aurrera gogotsu prestatuko dira horretarako.
Kadeteen Ohorezko Ligak berritasunak dakartza 17 taldek osatuko duten multzoari dagokionez eta, beraz, 34 jardunaldi luze jokatuko dira, bi atseden jardunaldiak barne. Liga erregularra irailaren 10ean hasi eta maiatzaren 19an amaituko da, Gipuzkoako Futbol Federazioak oraindik argitaratu gabe duen egutegiaren baitan.
Jaitsi berri den Añorga KKE eta igo diren Martutene KE eta Touring KE dira multzoko berritasun nagusienak. Real Sociedad SAD eta Kostkas KE eta Vasconia CDren filialen presentzia ere izanen dugu aurtengoan ere.
Pablo Fernandezek zuzenduko du taldea Ohorezko Kadete Ligako ibilbide honetan, gure klubean egingo duen laugarren denboraldian. Pablo hainbat talde eta belaunalditatik igaro da eta etxeko beste teknikari bat bihurtu da bere profesional eta konpromezuari esker. Erronka polita benetan Pablorentzat. Bere lanak berriro berarentzat ezaguna den adin tarte batean eginen ditu eta ziur jokalariei lagunduko diela bere kirol- eta giza prestakuntzaren puntu honetan beste aurrerapauso bat ematen.
Laguntzailea eta bigarren entrenatzaile lanak egingo ditu Mikel Valcarcel-ek, gure egituran sartzen den estreinuko lehen urte honetan. Trintxerpe KEn iragana izanik, Mikel bereziki gogotsu ageri da gure klubean eman zaion aukeragatik, eta ziur azkar eta erraz moldatuko dela. Ongi etorri, Mikel.
Lagunartekoak lotuta Beti Kozkor KE, Añorga KKE, SD Amorebieta eta Danok Bat Club taldeekin jokatzeko, Albion Cup eta Padura-ko Txapelketan ere parte hartuz.
Aupa ekipo, denboraldia ona izango da eta.