Antiguoko Kirol Elkartetik gertutik jarraitzen ditugu gure jokalari ohien ibilbideak, eta albiste honetan egun Athletic Cluben jokatzen duten jokalari urdin ohiak aztertuko ditugu. Guretzat harro egoteko modukoa da estatu mailan erreferentea den egitura batean, Athleticen egituran hain zuzen ere, maila gorenean lehiatzen ikustea.
Lehen taldean Julen Agirrezabala eta Oier Gastesi atezainak daude (denboraldiaurrea lehen taldearekin egiten). Yuri Berchiche eta Gorka Guruzeta ere lehen taldean daude Ernesto Valverderen aginduetara.
Gainera, Ekain Azkunek eta Eñaut Letek Bilbao Athleticekin, igo berria den bigarren taldearekin, jokatuko dute 1. RFEF kategorian. Dani Perez, kadete mailara arte jokalari urdina, Real Madriletik fitxatu du Athleticek bere hirugarren taldean jokatzeko. Munduko zorte guztia opa diogu lerro hauetatik. Bertan Aritz Conde talentudunarekin topatuko da, zeinak bere bigarren denboraldia beteko duen Baskoniaren elastikoarekin. Aritzek arrasto interesgarria utzi zuen gure klubean eta maila honetan jokatzen jarraitzea espero dugu.
Gazteen mailan, 2007ko belaunaldiko Suhar Berasategik bigarren denboraldia beteko du zurigorri bezala eta Ohorezko Mailan jokatuko du. Xanti Oyarzabalek ere Lezaman jokatuko du, bere lehenengo urtea egingo duelarik bertan. Bestalde, 2008ko belaunaldian lau ordezkari ditugu: Danel Narvarte, Oihan Encinas, Urko Liceaga eta Iñigo Sainz, azken honek 2023/2024 denboraldia gurekin burutu duelarik. Urdin ohien ordezkaritza handia duen belaunaldia, zalantzarik gabe.
Euskal Kadete kategorian Eñaut Vicentek eta Joannes Echeverriak jokatuko dute, bigarrena gure klubetik fitxatu berri duten aurrelaria delarik. Zorte on biei.
Emakumezkoen egiturari dagokionez, harro egoteko modukoa da Amaia Morantinosek Bizkaiko Emakumezkoen Ohorezko Kadetean Athletic Clubekin jokatuko duela iragartzea, Athletic Clubek emakumezkoen futbolean Antiguokotik egin duen lehen fitxaketa baita.