Badator urte amaiera eta bigarren itzuliko lehen jardunaldia gure gizonezkoen lehen taldearentzat. Izan ere, 2024ko azken partida jokatuko du Valvaneraren aurka Unai Gazpioren taldeak; ondorioz, bigarren astez jarraian Logroñora bidaiatu beharko du. Mutilek oraindik ezin dute burutik kendu azken jardunaldian lortutakoa, non azken bi minutuetan Logroñoren aurka markagailua iraultzeko gai izan ziren. Sinestezina eta ahaztezina, zalantzarik gabe.

 

Orain, ordea, beste erronka bati begiratzeko garaia da. Taldeak gorantz begiratu nahi du, eta horretarako garrantzitsua izango da Valvanera gainditzea. Talde errioxarrak 3 puntu ditu, baina zinez lehiakorra dela erakutsi du ligan zehar, eta, ondorioz, sailkapenak esaten duenari jaramonik ez eta taldeak bere mailarik onena eman beharko du 3 puntuak Antiguara ekarri nahi izanez gero. Gogora dezagun joaneko partidan gureek 4-0koarekin hasi zutela denboraldia, partida sendo batekin gaindituz aurkari errioxarra.

 

Gorabeheraz betetako urtea izan da, baina ezin dugu ahaztu bideak eta prozesuak une polit asko utzi dizkigula. Urtarrilean Berion Cadizen aurka jokatutako errege kopako kanporaketa hunkigarria izan zen. Handik aurrera, aurreko denboraldiaren amaierak ere sailkapeneko 4.postuan utzi zigun, marka bikaina izanik. Oraingoari dagokionez, taldeak denboraldia nahi bezala hasi ez arren, azken 3 partidetan lortutako 7 puntuek konfiantzaz bete dute taldea, eta ilusioz ekingo die aurretik datozen erronkei. Hurrengo geltokia: Logroño.

 

Amaiera onena ematea 2024ri.